Xenpelar Dokumentazio Zentroa
1991ean sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa, bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bertsozale Elkartearen egitasmoen dokumentazio lanak burutu eta zerbitzu publikoa eskaintzen du, bere bilduma eta informazioa behar duen ikertzaile, bertsozale eta hiritar guztientzako.
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bilduma batez ere 1980. hamarkadatik aurrerako bertsolaritzaren ondareaz osatuta egon dago, eta horrez gain dokumentazio historikoa ere jasotzen du (bertso-paperak, liburuak, esku-orriak, grabazioak eta abar). Dokumentazioaren ezaugarriengatik mailegu zerbitzurik ez duen arren hainbat zerbitzu bidez euskarri eta formatu ezberdinetako dokumentazioa kontsultatzeko edo, bestelako baldintzarik ezean, dokumentuen kopia eskuratzeko aukera eskaintzen du.