Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira, nik ere euskaraz, guk ere euskaraz eta beste hamaika aldaera hartzen dituen lelo mutantearekin gazteen artean euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina jarri du abian Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.

Euskara Iruditan ekimena kanpaina honen baitan dago. Webgune honen bidez Euskara Iruditan izeneko argazki mosaiko erraldoia eraikitzen ari gara izen bereko atalean. Euskarak historian, norberaren bizipenean, hirian, gizartean… izan duen eta duen presentzia iruditan jasotzen ari gara. Irudien mosaiko anitza bezain deigarria osatu nahi dugu sarean, herritarrekin elkarlanean, euskararen erabileran gertatu den bilakaera iruditan jasoz. Norberak bere argazkia webgunean kargatzen ahal du modu errazean eta automatikoki argitaratuko da webguneko mosaikoan. Argazkiaren edukia edonolakoa izan daiteke. Baldintza bakarra da argazkiak zuretzat euskararekin lotzen duen esanahi berezi bat izatea eta hori argazkia laguntzen duen testuan (140 karaktere gehienez) azaltzea.
Parte hartu zuk ere!

Abenduaren 3an ere Euskararen Eguna.
Era berean, Donostiako erakunde eta hiriko eragile ugarik urriaren bukaeratik abenduaren 4ra bitartean, kultur programazio zabala atondu dugu. Berrogeita hamar erakunde eta elkarte baino gehiago aritu gara elkarlanean euskarazko kultur egitarau zabal hau prestatzen. Ikusi programazioa eta animatu!