Dokumentuak Moodle-en txertatu vs kanpoko fitxategi sistema baten bidez estekatu

Ikusi dugun moduan, Moodle-ek baliabide propioak ditu fitxategi eta karpetak publikatzeko. Baita ere, zereginak izeneko jardueraren bitartez posible da ikasleen lanak bertan jasotzea, eta laster ikusiko duzuen moduan, ikaslearen kalifikazio koadernoarekin bateratzea.

Moodle-ek aukera hauek ematen dituen arren, irakasle batzuk Moodle beste sistemekin batera erabiltzeko ohitura dute, adibidez Drive-ekin. Erabilera tipiko bat hau litzateke:

  • Egunerokotasunean lanak (zereginak) kudeatzerakoan
    • Ikasleei deskargatu behar dituzten dokumentuak drive karpeta baten uzten dizkiete
    • Ikasleek beraien lanak (zereginak) beste drive karpeta batera igotzeko eskatzen dizkiete
    • Dokumentu hauek ebaluatzen dituzte eta aparteko sistema bat erabiltzen dute kalifikazio hauek kudeatzeko.
  • Moodle-eko galdetegiak erabiltzen dituzte test eta azterketak jartzeko.

Hau egiterakoan, Drive bidez egiten den jardun horren trazabilitatea galtzen dugu. Moodle-eko txostenek ikasleen parte hartze osoaren informazioa emango digute, baina Moodle-etik kanpo egin denari buruzkoa ezin izango dugu jakin. Ikuskaria ikasle baten lanaren ebidentziak eskatzera etorriko balitz, Moodle-en izandako jardueraren txosten pertsonalizatuak erabili ahal izango genituzke, baina Moodle-etik kanpo (Drive bidez) egindakoarena ez. Honi buruz gehiago ikusiko dugu ikaslearen jarraipena eta ebaluazioa atalean.

Datozen ataletan ikusiko dugu zein erreza den irakasle batentzako ikastaroaren kopia bat egitea. Hau oso baliagarria izan daiteke adibidez:

  • Bukatzen ari den ikasturteko ikastaroen kopia bat egin eta legeak agintzen dituen urteetan gordetzeko. Ebidentzia hauek hainbat urtez gorde ditzakegu.
  • Aurten ikastaroaren programazioa sortzen egindako lana hurrengo batean berrerabili ahal izateko: Edukiak, galdera bankua, eta abar.

Dena Moodle barruan kudeatu badugu, edozein momentutan posible izango da segurtasun kopia hori berreskuratu eta ikastaroa kopia egin zenean zegoen moduan ikusi ahal izango dugu, bere eduki guztiekin.

Aldiz, irakasleek ikasleen eskura utzitako dokumentazioa, edo ikasleek entregatutako lanak Moodle-en barruan ez baditugu uzten, eta horren ordez Drive edo antzerako zerbitzu bat erabiliz kudeatzen baditugu, etorkizunean ikastaroaren kopia berreskuratu eta barruan dagoena ikustera joaten garenean, agian hainbat baliabide ez ditugu aurkituko:

  • Iaz modulua eman zuen irakaslea ez dagoelako ikastetxean, eta berak erabiltzen zituen karpetak Drive-etik ezabatu dituelako
  • Irakasleak ikastetxean jarraitu arren, aurten dokumentazio hori erabiltzen ez duelako, eta ondorioz ezabatu duelako
  • Aurtengo programazioan aldaketak egin dituelako eta dokumentu horiek editatu eta aldatuko dituelako, eta ondorioz ez dira bere garaian erabiltzen ziren dokumentu berberak.
  • eta abar

Laburbilduz: Moodle-ek aukera ematen digu beste sistemetan (Drive, Dropbox, Nextcloud, ...) dauden materialak estekatzeko, baina ezin dugu ziurtatu esteka horien atzetik gaur dagoen materiala etorkizunean ere eskuragarri egongo denik, eta material hau ikasleen jardunaren ebidentzien zati bat denean, agian ez da egokiena horrela kudeatzea.
 
Aldiz, material hauek Moodle-etik eskaini eta Moodle-n jasotzen badira, eta ikasturte bukaeran ikastaroen kopiak gordetzen baditugu, ziur egon gaitezke kopia hauetan gordetzen diren ebidentziak beti gure eskura egongo direla.
 

Azken aldaketa: astelehena, 2020(e)ko ekainaren 29(e)an, 17:02(e)an