IKT mapa sortzeko bide orri proposamen bat

 IKT MAPA OSATZEKO BIDE ORRIA  (PROPOSAMENA)                                                                                                                                                 

IKT mapa esaten diogu dokumentu bati zeinak era eskematikoan deskribatzen duen ikastetxeko ikasleen irteera profil digitala lortzen dela bermatzeko materia eta maila bakoitzean zer jarduera-mota eta tresnak (I) irakatsiko eta (E) erabiliko diren.


  1. Talde eragilera proiektua eta bide orria azaltzea. IKT batzordea badago bera izan daiteke talde eragilea. Ez badago osatzea planteatu daiteke.

  2. Zuzendaritzak proiektua aztertu eta ontzat eman. Prozedura eta bide-orria onartu. Bide-orria kronograma batean islatu.

  3. Proiektuak klaustroaren inplikazioa behar du. Komenigarria da zuzendaritzak klaustroan aurkeztea. Aurkezteko moduari buruz proposatzen da aurkeztea curriculumaren egokitzapena eta garapena moduan. Nabarmendu beharreko beste puntu bat da abiapuntua ez dela zero, ikastetxean gauza asko egiten direla -eskerrak eman- eta hori dela abiapuntua. Bestetik komeniko zen, hala badagokio, nabarmentzea IKT heldutasunarekin eta Sare Hezkuntzarekin duen lotura.

  4. Batzorde pedagogikoan prozesuaren faseak eta denborak azaldu. Kontuan izan lanketa mintegietan egin behar dela, beraz mintegi guztien aldeko jarrera landu behar da -erakundeetan aldaketa guztiek kontrako jarrerak sortzen dituzte-. Mintegi buruen papera goratu behar da. Prozesuaren hurrengo urratsa da mintegietan formulario bat -kalkulu-orri bat proposatzen da ondoko puntuan- betetzea azaltzen zein kontzeptu eta prozedura lantzen diren, nola eta zein materia, maila eta taldetan.

  5. Mintegiko edo materiako arduradun banari eduki eta jardueren taula betetzeko azalpen teknikoa. Prestakuntza.

  6. Mintegitan: Lantzen diren eduki eta jarduera digitalen koadroa (1) bete. Bertan une honetan, alegia proiektua hasi aurretik, zein eduki eta prozedura digitalak lantzen diren azalduko da, zehaztuz zein materia, maila eta taldetan. Mintegi ordua eskas gera daitekeenez aukera interesgarri bat izan daiteke asteazken arratsalde batez talde lan jarduera -prestakuntza?- denak elkartu mintegiz mintegi lan hau burutzeko.

  7. IKT batzordeak informazio koadroak bildu eta dokumentu batean (2) jasoko du mintegietako ekarpenak. Ondoren, haren azterketa egingo du nabarmenduz batetik hutsuneak, alegia zein eduki eta prozedura ez diren lantzen, eta bestetik “gehiegi, maizegi edo era errepikakor batean” lantzen direnak.

  8. IKT batzordeak hutsuneak mailaka eta materiaka betetzeko proposamen bat landuko du. Era berean “gehiegi” lantzen diren prozedurak dibertsifikatzeko proposamena egingo du. Lanketa horretan arreta berezia emango zaio sekuentziari – oinarrizko kontzeptuak eta  prozedurak erabileren aurretik jarriz-, kontzeptuak eta prozedurak materia egokienetan kokatuz, lan-kargak orekatuz... Proposamena batzorde pedagogikoan azaldu eta eztabaidatuko da, hortik mintegien iritzia eta konpromisoa eskatuko da. Batzordea pedagogikoak biribilduko du IKT mapa .

  9. IKT maparen aplikazioa maila guztietan batera egingo da ikasturte baten hasiera batekin bat egiten. Kontuan izango da maparen eraginik handiena ikasturte ikasturte gauzatuko dela. Lau ikasturteko epean bete beharko zen maparen helburu gehiena: DBHa bukatzen duten ikasle guztiek gaitasun digitalak eskuratu izana.

  10. IKT maparen aplikazioa ebaluazio-zuzenketa prozesu iraunkorra izango du non mintegi bakoitzak ikasturtearen bukaerako memorian aztertuko du berari dagokion maparen betetze maila, bete ez bada arrazoien analisia egingo du eta hurrengo ikasturterako hobekuntza proposamenak egingo ditu. Memoria horiek IKT batzordeak jaso eta ikasturtearen hasieran maparen aldaketa proposamenak egingo ditu.


Azken aldaketa: larunbata, 2019(e)ko azaroaren 23(e)an, 00:21(e)an